agenda21

ESKOLAKO AGENDA 21: URA

Eskolako Agenda 21ekin bat egitea erabaki dugu eta horrekin gure ikastolako eta gure udalerriko ingurumen kalitatean zerikusirik duten gaietan parte hartzeko, lan egiteko eta erabakiak hartzeko asmoa dugu. Gure ikastola zein gure udalak  ingurumen kontuetan eredugarriak izatea nahi dugu eta, hori lortzeko,  gure esku dagoen guztian ekingo diogu lanari.

Horretarako ikasturte bakoitzean gai berri desberdin bati ekingo diogu, eta ikasturtean zehar hartutako erabakiak hurrengo urteetan ere betetzen jarraituko dugu. Aurten ura eta ibaien gaia landuko dugu.

Dagoeneko hasi gara ikastola barruko lana antolatzen. Adibidez, Eskolako Agenda 21 batzordea osatu dugu. Honetan irakasleek, ikasleek eta ikastolako beste pertsona batzuek ere hartzen dute parte. Guztion artean gure ikastolan zein bere inguruan uraren problematika aztertuko dugu eta alternatibak bilatuko ditugu. Horrela, uraren kontsumoa murrizteko eta hala ikastolan nola gure etxeetan ahalik eta gutxien zikintzeko proposamenak landuko ditugu.

Gure konpromisoak udal foroan azalduko ditugu. Eta konpromisoez gain, udalari eta hiritarrei proposamenak aurkeztuko dizkiegu, arazoen konponbidea gure esku ez dagoen kasuetan gure iritzia ere kontuan har dezaten.

Kurtsoan zehar Uraren alderdi ezberdinen inguruko informazioa landuko dugu, baina asko jakitea garrantzitsua bada ere, ondo jokatzea da onena: Horregatik ahaleginduko gara egoera aztertzearekin batera alternatiba egokiak identifikatzen.

Helburua zera izango da: ahalik eta ur gutxien gastatzea, erabiltzen dugun ura ahalik eta gutxien zikintzea eta horrela gure inguruko ur ekosistemak zaintzea eta haiekin disfrutatzea.

Proposamenak guztiok egingo ditugu eta Eskolako Agenda 21 batzordearen laguntzaz erabakiko dugu azkenean plana zein den. Berau gauzatzeko ardurak banatuko ditugu, argi utziko dugu zertan konprometitzen garen eta nola berrikusiko dugun noizean behin ea plana ondo doan.

Aurreztu dezagun ura eta zain ditzagun ibaiak: gizabanakook, etxetik, ikastolan, herrian!!!