TOLOSAKO INMAKULADA LANBIDE IKASTOLAREN ETA ASUNCIÓN KLINIKAREN ARTEKO HITZARMENA

 

Zer da Hygehos

 

hygheos2

Hygehos ospitaletan erabiltzen den Ospitaleko Informazio Sistemetako bat da (HIS, Hospital Information System). Sistema honen bitartez ospitaleko zerbitzu guztien koordinazioa ahalbidetzen da helburu nagusi batekin: pazientearen historia klinikoa ahalik eta modu eraginkorrenean kudeatzea. Gure inguruan Tolosako Asunción Klinika da Hygehos software-a erabiltzen duen osasun zentroa.

Zergatik hitzarmen hau

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan gizarte eta osasun arloko zikloak eskaintzen ditugu, eta gure ikasleen formazio eta garapen integrala sustatzea dugu helburu. Hori dela eta, gure hezkuntza metodologia lan merkatuaren errealitateak eskatzen dituen trebetasunen garapenera etengabe egokitzen saiatzen gara. Honetarako beharrezkoa da enpresekin hartu eman estuan lanean aritzea. Osasun arloan Asunción Klinika da gure erreferente nagusia eta enpresa honekin dugun harreman zuzenetik sortu da proiektu hau.

Nola funtzionatzen du

Hitzarmen honetan adostu denez, Asunción Klinikak baimena ematen dio Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolari osasun zentroko zerbitzarira sartzeko, beti ere ikastolarentzat berariaz prestaturiko gune batetara. Aldiro, klinikak, gaixo birtualen inguruko datuekin elikatzen du gune hau. Gaixo birtualekin lan egiteko aukera honek, modu natural batean gelan ikasitakoa bistaratzea ahalbidetzen die gure ikasleei, teoriaren zergatiak ulertzea erraztuz. Honela, gure ikastola, une batez, ospitale birtual bilakatzen dugu.

 

 

Hygehos-en balio erantsia gure ikasleentzat

Tresna honek ikasleari osasun zentro baten funtzionamenduari eta bertako profesional ezberdinen elkarrekintzei buruzko ikuspegi orokor bat eskaintzen dio.

Alde batetik, zentro hauetan erregistratzen den informazioaren aniztasuna ulertzen laguntzen dio ikasleari. Bestetik, etorkizunean burutuko duen lanean, informazio honen kudeaketa egokia zeinen garrantzitsua den ohartzeko baliagarria da tresna hau.

Halaber, osasun zentroko aktibitate ezberdinen arteko loturak bistaratzen ditu eta bere lana jarduera horien barruan kokatzen du. Ondorioz, ikasleak lan giroan harreman hobeak ezartzen ditu eta aldi berean, bere lanaren eraginkortasuna areagotzen du.

Laburbilduz, Hygehos-en bitartez, ikaslea informazioaren egiatasunaren garrantziaz jabetzen da, lan diziplina hobetzen du eta bere eguneroko zereginetan konfidentzialtasunaren beharraz ohartzen da.

 

Non aplikatuko da

Tresna hau gure ikastolak eskaintzen dituen osasun arloko ziklo guztietan txertatu dugu. Ziklo hauek, erizain laguntzailea, farmazia eta parafarmazia teknikaria, diagnosi irudia eta osasun dokumentazioa dira. Ziklo bakoitzak bere lan esparruari dagozkion atalak landuko ditu. Azpimarratzekoa da, osasun dokumentazioko zikloan tresna honek izango duen garrantzia. Goi mailako teknikari hauen lana mota honetako informazio sistemen erabilpenean oinarritzen da. Beraz, izugarrizko garrantzia du gure ikasleek beren ikasketak amaitu ostean tresna hau erabiltzeko gaitasuna izatea.

Amaitzeko, Hygehos tresnak, ikasgelan teorian ikusitako edukiak praktikara eramateko aukera eskaintzen dio ikasleari, osasun zentro erreal batean lanean hasi aurretik.