JanHariaren atzetik 2019/20

Elikagaien xahuketa arazo globala da, herrialde guztietan eragina duena, bai herrialde garatuetan bai garapen bidean daudenetan.

Noizbait pentsatu al duzue zuen elikagaien kontsumoak ingurumenean eta beste pertsonen bizi-kalitatean duen eraginaz? Gai konplexua da eta normalean ez gara horretaz jabetzen. FAOren arabera, munduan ekoizten diren elikagaien herena alferrik galtzen da, gutxi gorabehera. Datu hori Euskadira ekarrita, 350.000 tona elikagai alferrik galdu edo xahutzen dira urtero. Gipuzkoan, urtean 123.000 tona elikagai xahutzen dira, hau da, pertsona bakoitzak 90 kilogramo xahutzen ditu batez beste.

Elikagaiak zaborretara botatzen ditugunean baliabideak xahutzen ari gara, besteak beste, lurra, ura eta energia. Gainera, ingurumena kutsatzen dugu, eta berotegi-efektuko gasak (BEG) igortzen dira atmosferara.

Elikagaien xahuketari berehala heldu behar zaio gizartearen esparru guztietatik, are gehiago egun bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan.

2019-20ko ikasturte honetan “JanHariaren Atzetik…” da Eskolako Agenda 21en landuko dugun gaia. Elikagaien kontsumo-ohiturak aztertu eta faktore desberdinak aurkeztuko ditugu: produktu hurbilen kontsumoa, bildukirik gabeko erosketa, nekazaritza ekologikoa, elikagaiak alferrik ez galtzea ekiditea eta haien hondakinak birziklatzea, etab., neurriz kanpoko baliabide eta energiaren xahuketa, kutsadura eta desberdintasun sozialak murriztea lortu dezagun.

Animo, guztion artean lortuko dugu!

Mila esker zuen laguntzagatik!